

z da ezagutzen sagardoaren jatorria, baina adituen arabera sagar-landarea Afrikatik etorria da, nahiz eta uste den arabiarrengandik eskuratu genuela lehen aldiz. Beste teoria batzuen arabera, erromatarrengandik ikasi genuen sagardoa egiten, teknika ezagutzen bait zuten. Badago Igo mendeko erreferentzia bat, Plinio erromatarrarena, non sagardoa aipatzen den euskaldunek egiten zuten jaki gozo bat deskribatzerakoan, irasagarraren antzekoa.
Ez daude idazki gehiegi non sagardoa aipatzen den. Erreferentziarik zaharrena Nafarroako errege Santxo Handiak Leireko Monasterioari emandako diploma batetan ageri da. XII. eta XIII. mendetako beste batzuetan, sagastiak eta sagardoa agertzen dira. XV. mendeko erromesek ere idatzia utzi zituzten bertako sagasti eta sagardoaren inguruko iruzkinak. XVI. mendetik aurrera sagardoaren inguruko gora-beherak Foru Ordenantzetan agertzen hasiko dira, bertako sagar, sagasti eta sagardoaren defentsa eginez.
XVII. mendetik aurrera sagastiak murriztuz joan ziren, baita sagardoaren kontsumoa ere; alde batetik artoaren laborantzaren hazkundeagatik, baina baita itsas-jardueraren murrizteagatik, arrantzaleak sagardo-kontsumitzaile handiak bait ziren beraien bidaia luzeetan. Araba eta Nafarroatik zetorren ardoaren gorakadak ere zerikusia izan zuen.
Beherakada honen eraginez. XIX. mendearen bukaerarako sagastiak ia desagerturik zeuden. Honek sagardotegien desagerpena ere ekarri zuen XX. mendean zehar; hogeigarren hamarkadan sagardoaren ekoizpena 30 milioi litrokoa zen, 1967. urtean milioi bat eta laurdenekoa (inoiz izan den urriena).
Azken hamarkadetan gora egin du sagardoarekiko zaletasunak, eta berpizkunde oparoaz gozatzen ari da. Eta hola jarrai dezala!